(Hernani - Gipuzkoa. 1967- XII - 17) Hiperaktibitateak eta ugaritasunak euskal musikari eklektiko eta berritzaile honen jarduera markatu ohi dute.

Musika, kantua eta dantza alorretan murgildurik abiatu zen musika munduan, txistuarekin hasera batean eta akordeoiarekin beranduago. Lan horiek, Donostiako Musika Kontserbatorioan egiten ari zen ikasketekin osatu zituen, akordeoi garaikidea eta abangoardiako musikaren eremuetara hurbilduz. Karrera amaierako saria lortu zuelarik, Europako lehiaketa ezberdinetan parte hartu zuen, bai eta Le Thor (Frantzia) hirian ikasketak jarraitu ere.

Richard Galliano akordeoilari frantsesaren eranginpean, bere bi lehen diskoak, LEHENENGO GELTOKIAN (88) eta KOLLAGE (91), akordeoi-jazz esparruan grabatu zituen.
"HAT" (Hernaniko Akordeoi Taldea) (1987-1991) sortu zuen, errepertorio klasikoa oinarri hartuta ganbara musika jorratuz. Astor Piazzolaren omenezko LIBERTANGO (1991) ere grabatu zuen.

1985 urteaz geroztik irakasle lanetan ari da Hernaniko Musika Eskolan, aldi berean hainbat abeslari eta taldeekin batera makina bat kolaborazio ezberdin burutu dituelarik :
Javier Alvarez, Suso Saiz, Jorge Drexler, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Ganbara, Oskorri, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Xabier Lete, Imanol, Paco Ibañez, Anje Duhalde, Zaldibobo, Diego Vasallo, Angel Unzu, L.E.Aute, Alberto Iglesias, Dulce Pontes, Noa, Alasdair Fraser & Skyedance, Balen Lpz. de Munain, Bingen Mendizabal, Javier Paxariño, Eliseo Parra, Joan Valent, Pasión Vega, Antton Valverde, Xabier Euzkitze, Andoni Egaña, Mikel Laboa, Clara Montes, Carmen París, e.a...

Aldi berean, antzerki nahiz telebistako lanetarako musikaren egile ere bada.

Musika tradizionalari dagokionez, Joxan Goikoetxearen ibilbidea bi egitasmo paraleloetan banatzen da: batetik, zuzeneko folk tradizonalaren alorrean, ALBOKA, hiru grabaketa diskografiko eginez - ALBOKA (94), BI BESO LUR (98) , LORIUS (2000) eta LAU ANAIAK (2004) ; bestetik, Juan Mari Beltranekin batera sortutako lanak - EGURRAREN ORPOTIK DATOR...(93) eta BETI TTUN- TTUN (98) -. Musikaren esperimentazio eta birziklapenaren gainean, berarentzat ezinbesteko erreferentzi puntua den Suso Saiz gitarra-jole eta ekoizlearekin batera estudioan lan egin du. Elkarrekin QUARTET (97), zuzenean, eta ELEKTRO PSYCHODELIC FILM MUSIC REMIX (2000) grabatu dituzte.

LIBERTANGO lanaren ondoren, AMETSAREN BIDEA (94) , METROPOLIS (95) eta SUPERNOVA (2000) sortu ditu, musika-irudia-testua hirukiaren inguruan proposatzen duen bideari eutsiz. Hiru elementu horiek uztartzen dituen GOAZEN LAGUN (96) ere plazaratu du Joxanek, berak CD-Rom multimedia formatuan egindako lehen lana eta Euskal Herrian ere era honetara inoiz argitara eraman den lehendabizikoa. Sortze-kontzeptu berri hau oinarri harturik, AZTARNA, euskal artisten lanak formatu berri honetan argitaratzekotan asmatutako zigilu berria sortzera animatu zen.