Alboka
Alan
Griffin
Joxan Goikoetxea
Juan Arriola
Konbidatu
bereziak
Martá
Sebestyén
Eliseo Parra
Tino di Geraldo
Fiachra Mac Gabhann
Mossie Martin
Peter Maund
Xabi San Sebastian
Julio Andrade
Garbiñe Sagastibeltza
Juanmari Beltrán
David Escudero
Christophe Juste
Iñigo Monreal

Testuak eta komentarioak
ALAN GRIFFIN - JOXAN GOIKOETXEA
Euskera eta gaztelera hitzulpenak
IRENE ALDASORO
Ingelesera hitzulpenak
ALAN GRIFFIN
|
1-Txinparta. Juanek (Artañola esaten
diogu lagunok) egina da nazioarteko kutsu halako bat duen arin-arin
hau. Mossie Martin ere estudiotik zebilen eta gurekin grabatzeko eskatu
genion. Erraz konbentzitu genuen.
2. Ezpata-dantzak: Dantzau daigun / Aita Juaniko / Perretxikotan
/ Binakoa Lau ezpata-dantza, eta beren 6/8 eta 3/4ko konpas txandakatuen
erritmo ezaugarriak. Lehenengo dantza oraindik ere dantzatzen da Berrizen
(Bizkaia), eta Azkueren "Cancionero vasco" bilduman dator bertsio
bat. Bigarrena ere jasorik dago Azkuen, letra eta guzti. Hirugarrena
Mikel Urbeltz biolin jolearen disko batetik ikasi dugu. Eta azken
doinua dantza ezagun bat da, Euskadi Irratiak sintonia gisa erabiltzen
duena.
3. Oihaneko zuhainetan Márta Sebestyének euskaraz abesten dituen
lau abestietatik lehena. Abestiaren hitzak, adierazten duten sentimentu
abertzaleagatik berriki idatziak badirudite ere, orain dela 200 urtekoak
izan daitezke, XVIII. mendearen azken aldera izan zen euskal berpizkundearen
garaikoak alegia. Nolanahi ere, ez dugu uste abesti honek helburu
politikorik duenik. Oraindik ere bizirik dago tradizioan, eta hainbat
folkloristak jaso du, baina ez doinu honekin. Azken bi lerroetan euskaldunen
bi ezaugarri bidaiariek historian zehar sarritan aipatuak egon daitezke
gorderik: euskaldunek beren lurretatik igarotzen ziren atzerritarrei
jaramonik ez egiteko zuten joera, eta euskal gizartearen demokrazia
maila handia. Abesti honetatik hartu dugu diskoaren izenburua ere,"Lorius"
(Pozik !), Alboka taldea bizi duen aldarte onaren adierazgarri! Jean-Mixel
Bedaxagar zuberotar kantariak grabatu zuen 1984an.
Oihaneko zuhainetan
Eder zuhainik gorena.
Europako popülietan
Famaturik üskaldüna.
Hura da zaharrena,
Kantabriaren semia,
Lorius bere lurretan,
Beti libre egon dena.
4. Lakarra Pirinioetan ugari diren mutil-dantzetako bat da
"Lakarra". Baliteke, jatorriz, Nafarroa Behereko izen bereko herrikoa
izatea, baina oso ezaguna da ingurumari guztian eta hainbat aldaera
ezagutzen dira; gure hau Azkainekoa (Lapurdi) da. Hemen Christophe
Justek jotzen du txirula.
5. Toberak Oiartzungo (Gipuzkoa) abesti bat da, ezkongaien
lagunek ezteietan abesten dutena. Gure lagun Eliseo Parrak abesten
du hemen, bera ere, Márta bezala, euskaraz estreinatzen delarik. "Andre
Nobiya" (gure bigarren CD "Bi Beso Lur" izenekoan agertzen den eztei
abestia) ez bezala, "Toberak" bikoteari zuzentzen zaizkio, ez andregaiari
bakarrik. Hitzak, antza denez, aldatu egiten dira. Guk aukeratu ditugunak
Orixek doinu tradizional honi propio jarri zizkionak dira. Metalezko
barra batzuk dira toberak, eta ezkilen errepika bezalako soinua ateratzen
dute. Abesti honetan ez darabilgu toberarik, baina "Oihaneko Zuhainetan"
entzun ahal dira.
"Oles, ezkonberriak;
Jaungoikoak gabon ¡
Toberaketan gatoz
bost edo sei lagun;
zuen baimenarekin
kantatu dezagun.
Lore-baratzan eder
arrosa gorria;
gari-meta-gaiñean
eder da txoria;
bil dezake eraztunak
gaur zure gerria.
Lerden atal-ondoan
irastor-zugatza;
gaztain lerdenak goien
gaztaina-morkotsa...
ez du nornaik aurkitzen
olako bikotza.
Olako etxe onak
onelako Jauna;
olako Emazteak
olako Gizona:
ba dirudi zeruak
eman-ondasuna.
6. Hiru piztiak: Piztiak / Bernard xirolarru egilea / Anbar
eta Beltza Abesti berria da, nahiz euskal ezpata-dantzaren erritmoa
izan eta hitzak zortziko txikiaren neurrira bildu (7 eta 6 silabako
lerro aldizkatuak). Eskerrak ematen dizkiogu Mikel Markezi ingelesetik
euskarara egin duen itzulpen egokiagatik. Jakin-mina lukeenarentzat,
hona jatorrizko letra (zortziko txikian baina ingelesez):
Bildots dantzaria naiz
egiten dut hozka
Hautatuen Etxean
den zakur berdexka.
Lotu nazazu edo
joango naiz ihesi,
ez zaitut behar baina
ez nazazu utzi.
Indioilarra aina
banaiz ni kantuan,
arratoia bezala
beti izkutuan.
Nireak ohoreak
lanak besteenak,
sei hizkuntza dakizkit
erdipurdi denak.
Sartaldeko Printze naiz
zerbitzariekin,
mila opari ditut
zertako ez jakin!
Arrazoi txukunei gor
noa galbidean,
behintzat azkarrena
naiz tontoen artean.
I am the lamb with the bite,
bleating weakly in fog.
At the Gates of the Chosen
I'm the old green watchdog.
You'd better beg me to stay,
or I'll flee far from home;
I need no one at all, but hey,
don't leave me alone!
I can dance like a crab,
and I can sneak like a rat.
I can crow like a peacock
and live like a fat cat.
I can converse in six tongues,
though I'm master of none,
And I take all the credit
for what others have done.
I'm the Prince from the East
with twenty bearers in train,
Bringing gifts for myse
lf that even I can't explain.
I always listen to sense,
then I do what I please,
I'm the wisest of fools,
the Royal Buffoon with the Keys.
Bigarren dantza, Alanek berriki idatzia, Bernard Leblanc-i eskainia
da. Bohas edo xirolarru landesen egile eta konpontzaile da Bernard
Leblanc, eta hain zuzen ere musika-tresna horrekin egin da doinu hau.
Hirugarren doinua ere ezpata-dantza berri bat da.
7. Luma txurikoa naiz Aspaldian erabili gabeko bi bertso melodia
aurkitu genituelarik, letra berriak jartzea erabaki genuen. Dama exotiko
baten eta haren galai oinezkoago baten arteko elkarrizketa itxuratu
genuen, Martaren ahotsari ongi egokituko zitzaiola iritzita. Abestiaren
hitz lauzko bertsio bat zirriborratu eta Mikel Markezi enkargatu genion
bertsoak egin zitzala estilo eta metrika tradizionala erabiliz. 24
ordu baino gutxiago behar izan zituen Mikelek horretarako. Liluraturik
utzi gintuen emaitzaren lastertasunak eta kalitateak, eta balentria
hori Guinness Errekor Liburuan sartzea merezi duelakoan gaude.
Luma txurikoa naiz
txori migraria
hargatik utzi nuen
atzean Hungaria
bidai egarriak nau
honantz ekarria
zein ote da aurrean
dakustan herria?
Haritz, erreka, etxe
txuriko bailara
haizeak lagundurik
lurralde hontara
hegaletan hasi zait
nekearen traba
instant bat pausatzeko
unea heldu da.
Txori luma txuria
hau da nire poza
zure edertasunak
urtu dit bihotza
aditu dudanetik
nik zure kantu hotsa
kantuz hasteak ere
ematen dit lotsa.
Galai bilo horia
hitz ederra duzu
ederregiak hutsak
bihurtzen dira usu
mintzo errazekoekin
eman behar da kasu
piska bat arnas hartzen
arren utz nazazu.
Txori luma txuria
naukazu etsia
barne barnera sartu
didazu gezia
txori askok badauka
kantatzen grazia
baina zure ahotsa da
zinez berezia.
Galai bilo horia
esazu egia
benetan ote nauzu
hain laudagarria?
Ala horren trukean
nahi duzu saria
susmoa dut ez ote
zaren ehiztaria.
Txori luma txuria
ez da ez gezurra
ni ehiztaria nauzu
hori da segurra
baina ondasunik badut
eta ez apurra
Aralar ta Irati
lotzen ditun lurra.
Galai bilo horia
ohore eta ospe
beraz lurrak dituzu
nahi bezainbeste.
Hegalaria naiz ta
etzazula uste
hartu ahalko nauzunik
ondasunen truke.
Txori luma txuria
elur kolorea
ez da inor kantuan
zu baino hobea
nirekin geldi zaitez
emaidazu ohorea
ta nik egingo dizut
kabi dotorea.
Askatasuna oso
maite dudanez, bai,
berriro behar diot
bideari jarrai
nire kantua noizbait
ba duzu entzun nahi
leiho parean egon
zaitez goizero zai.
8. Hi, zelta! Arin-arin arrunt bat zen honako hau, harik eta
Goikoetxea bere metalezko akordeoi tzarrarekin azaldu zen arte. "Oso
xamurra", esan zuen Fiachrak. Bai horixe!.
9. Ez da munduan Aita Donostiak Dominique Lakarrarengandik jaso
zuen Azkainen (Lapurdi) 1923an, eta argitaratu ere bai bere "Cancionero
Vasco" bilduman. Maitasun abestia da, nahiz eta oraingo honetan areago
den maitaleen arteko haserrea, ezen ez "Plañitzen niz" abestiko maitasun
erkidetasunik eza. Hiru bertso jaso ziren. Martak abesten duena da
lehenengoa:
Ez da munduan arrosarik
Arantzarik gabe:
Xarmagarriak emaiten deraut,
A! Dolore!
Jendiak ere mintzo dira,
Ez arrazoinik gabe,
Nik ere faltak baditut,
bainan Bai eta zuk ere.
Nereganat etortzeko
Ez izan herabe.
Gero ere behar gira Biak adiskide.
10. Lau mazurka : Arratsalde lasaia / Lastaolako haroztegia
/ Adarra / Bi hanka ezker Inork ez daki zergatik idatzi behar izan
dituen Alanek lau mazurka bat ere idatzi beharrik ez zegoenean. Dena
dela, bere buruaren zurigarri zera esan du, bik badutela euskal tankera
eta, edozeinetara ere, batek berak ere ez duela zelta tankerarik.
Lastaola Joxanek estudioa duen auzoa da. Han egiten ditugu gure saioak
eta han agertzen da askotan Joxanen aita ere ondoko tailerretik etorrita
bere kontakizun entretenigarriekin gure saioei bizigarri pixka bat
ematera. Adarra Hernaniri begira dagoen mendia da, eta gu gehienok
Hernanikoak gara edo Hernanin egiten dugu lan, biak ez bada. Adarra
izena, gainera, oso egoki zetorkigun alboka doinu batentzat, alboka,
izan ere, bi behi adarrez egiten baita. Bi hanka ezkerrak, berriz,
Alanenak dira.
11. Urnietako doinua Orain arte ezagutzen ez genuen doinu baten
bertsio instrumentala.
12. Santulari: Santulari zetan doa Portugaletera? / Atsoa zer
diñoe? Portugalete eta Bilbo portuak dira eta Santulari arrantzalea
izango zen inondik ere. Jipoia merezi izateko zer egin zuen eta zeinek
eman zion ez dago argi, baina uste izatekoa da ez zela izango damak
ikuste hutsagatik, eta neba, aita edo senar haserreturen bat ez zela
ziur asko urruti ibiliko. Baina Santulari gaixoaren hezur minberak
gorabehera, abestia alaia da. Biltzaileak, Azkuek, amarengandik ikasi
omen zuen, eta Azkueren ustez, ama bera zitekeen egilea. Badirudi
"Atsoa zer diñoe?"-rekin batera kantatzen zela beti. (....) "Atsoa"
ere abesti alaia da, euskaldun askok urte askoan bizi izan zuen pobretasunari
barre egiten diona. "Santulari" bezala, hau ere Bilbo ingurukoa da.
Ugari sortu dira alde horretan zorigaitza olgetarekin uxatzen duten
abesti alaiak. Bi hauek dira horren lekuko. Eliseok bat egin du gizon
abesbatza zakar baina gogotsu honekin.
Santulari zetan doa Portugaletera?
Ontziaren aitzakian damok ikustera.
Ontziaren aitzakian damok ikustera,
Santulari sarri doa Portugaletera.
La ,la ,la, e.a .
Egun baten Santulari harantza yoala,
Bide-erdira urten eutsen 'ta emon emon hala.
Arrezkero azur-miñez Santi dago hala,
Bilboraño sartu oi da bere ontzi txaltala.
La, la, la, e.a.
"atsoa, zer diñoe iturri hok gaitik?"
"eztala geldituko uri hau ur barik."
"mari peliz, zelan zabiz?
ondo ibili, gitxi gastadu,
doala astotxoa
'ta hortik holgadu.
" erromerian noa, ez daukat dirurik,
balentzianatxo zaharra saldu ez ba dagit.
"mari peliz, zelan zabiz?
ondo ibili, gitxi gastadu,
doala astotxoa
'ta hortik holgadu.
" saldu egiten badot balentzianea,
zer erabiliko dot euritan, maitea?
"mari peliz, zelan zabiz?
ondo ibili, gitxi gastadu,
doala astotxoa
'ta hortik holgadu."
13. Plañitzen niz Maitasun erkidetasunik ezaren abesti bat,
eta oso tipikoa gainera, nahiz eta, guk dakigula, jada ez den abesten.
Zuberoakoa da; antzinako ohiturak gaur arte ondoen gorde dituen eskualdea
da Zuberoa. Kanta-biltzaile askok aipatu izan du euskal kantaren melankolia
estoikoa, eta abesti hau da horren froga argia. Ohikoa da Zuberoan
tonu minorreko melodia luze bilbatua. Apaindura gutxi erabiltzen da,
euskal abestia gehienetan silabikoa denez, hau da, silaba bakoitzeko
nota bat duena. Azkuek XIX. mende hasieran Larrainen jasoa da eta
bere "Cancionero Popular Vasco" kantutegian argitaratua (1922). Azkueren
ustez, J. Algorri zen egilea, Zuberoako musika tradizionalaren iturri
oparoa eta bildumarako hainbat abesti eskaini ziona. Bertsio honetan
estrofa bakarra ezagutzen da gaur egun, baina bada hiru estrofako
aldaera bat, antzekoa letraz baina nahiko desberdina doinuz, Arratiak
bere "Cancionero Popular del País Vasco"-n argitaratua. Aldaera hau
ez dugu inoiz kantaturik entzun, eta, guk dakigula, orain arte ez
da inoiz grabatu. Hemen entzuten den grabazioa Zaragozan, 2000ko urriaren
19an, "Strictly Mundial" izeneko jaialdian eman genuen kontzertuan
zuzenean egindakoa da.
Plañitzen niz bihotzetik,
Gaitza zer dudan ez dakit.
Dolore handi batek hartürik,
Ez nüke axolarik
Balitz erremenderik;
Bena ez düzü barbererik
Mundu guzian bat baizik,
Ene gaitza sendo dezakenik.
Hura berant etsiturik
Hola nago tristeturik.
14. Uztarrozko soka-dantza Nafarroako beste dantza doinu astitsu
asko bezala, dotorea eta maiestatez betea da hau ere. Baliteke hori
Santiago bidean zetozen europar erromesen musikaren eraginari zor
izatea, edota Nafarroako erresumaren garaian hango gorteak erakartzen
zituen Europa guztiko musikari handiei, edo nafarren dohain bereziren
bati, edo faktore horien eta beste batzuen elkarketari. Edozein moduz,
gure moldaketaren bitartez melodiaren duintasuna eta jasotasuna nabarmentzen
saiatu gara.
15. Jauntxoa Albokaren tradizioak etenik izan ez duen lekua
da Arratia, eta hango erara fandango bat egiteko asmoa hartu zuen
Alanek. Taldeko euskaldunek ez zuten berarekin grabatu nahi izan,
baina Peterrek laguntza eskaini zion. Hona, bada, hemen, bi kanpotarrek
jotako euskal musika. Gizon portatu zen, bai, Peter.
16. Trapatan Doneztebeko (Nafarroa) dantza bat da, itxura guztien
arabera Azkuek XX. mende hasieran ahazmenetik salbatua.
17, 18, 19. Etxeberriatarrak: Intro, Fandango eta arin-arin
Fandangoa eta arin-arina dira bi euskal dantza sozial (zeremoniazkoei
kontrajartzen zaien heinean) herrikoienak, eta, normalean, ordena
horretan jotzen dira. Hemen eskaintzen ditugun doinu hauek, euskal
dantza oso ezagunak, Bonifazio Laskurain txistulariaren errepertoriokoak
dira. Ijitoak mendeetan bizi izan dira Euskal Herrian, eta Etxeberria
da ijitoen deitura arruntenetako bat. David Escudero, Tino di Geraldorekin
batera gure bertsioari flamenko kutsua ematen dion gitarrista, euskal
ijitoa da, eta Etxeberria du hirugarren deitura.
|